Azalpena
Lan duina LANEk eta Europako zein estatuko araudiak onartutako oinarrizko eskubidea da. Haren oinarrien artean baldintza seguruak eta osasungarriak bermatzea dago; horrenbestez, LAP funtsezko elementua da hori betetzeko.
Eraldaketa digitalak, telelanak eta enplegu forma berrien agerpenak markatutako testinguruan, lan duintasuna mehatxatzen duten arrisku berriak sortzen dira (psikosozialak, ergonomikoak eta antolakuntzakoak). Erronka horiei prebentzio ikuspegitik heltzeak langileen osasuna eta segurtasuna babesteaz gain, produktibitateari, enpresa iraunkortasunari eta gizarte ongizateari laguntzen die.
Uda Ikastaro honek diziplina anitzeko hausnarketarako eta ikaskuntzarako gunea eskaintzen du. Bertan, adituek, enpresek eta gizarte eragileek LAPa lan duinaren kontzeptuan nola txertatzen den aztertuko dute, Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat eginez, bereziki 8. GJHarekin (Lan duina eta hazkunde ekonomikoa) eta 3. GJHarekin (Osasuna eta ongizatea).
Harreman hori aztertzea funtsezkoa da lan ingurune bidezkoagoak, seguruagoak eta gizatiarragoak lortzeko.
Helburuak
Helburu orokorrak:
- Lan duinaren eta lan arriskuen prebentzioaren arteko lotura aztertzea, lan ingurune seguruak, osasungarriak eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) zein Euskadi 2030 Agendaren printzipioekin bat datozenak bermatuko dituzten estrategiak identifikatuz.
- Lan duinaren kontzeptua laneko osasunarekin zein segurtasunarekin eta prebentzio kultura egokiarekin duen lotura ulertzea.
- Lan duinari buruzko lan arriskuen prebentzioaren aroloko nazioarteko, Europako eta estatuko arau esparrua ezagutzea.
- Lan egiteko modu berrien ondorioz sortzen ari diren erronka berriak aztertzea.
- Prebentzio kudeaketan genero ikuspegia txertatzea, desberdintasunak murrizteko.
- Lan arriskuen prebentzioak (LAP) Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) nola laguntzen dien jakiteko eztabaida eta hausnarketa sustatzea (batez ere 8. GJHari eta 3. GJHari dagokionez).
- Arriskuak lan duinaren ikuspegitik ebaluatzeko tresna praktikoak aplikatzea.
Helburu zehatzak:
- Lan duinari lotutako lan arriskuen prebentzioari buruzko araudia interpretatzeko eta aplikatzeko gaitasuna.
- Lan eredu desberdinetako arriskuak identifikatzeko eta ebaluatzeko trebetasuna.
- Prebentzio neurriak genero ikuspegiarekin eta inklusioarekin diseinatzea.
- Prebentzio kultura eta lidergo segurua sustatzea.
- GJHak (8 eta 3) prebentzioko eta gizarte erantzukizuneko planetan txertatzea.
Jarduera nori zuzenduta
- Publiko orokorra
- Unibertsitateko ikaslea
- Unibertsitarioak ez diren ikasleak
- Irakasleak
- Profesionalak
Informazio gehiago: Trabajo Digno y Seguro: Retos y Estrategias desde la Perspectiva de la Prevención de Riesgos Laborales | UIK