Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeak 341. artikuluan ezartzen duenez, urte bakoitzaren hasieran Elkargo Profesionalei eskatuko zaie judizio zibiletan aditu gisa jarduteko prest dauden elkargokideen zerrenda bidaltzeko.
Justizia Administrazioko Zuzendaritza honek epaitegiekin bitartekaritza-lana egiten du, lurralde historikoetako epaitegi bakoitzak jo behar ez izateko zerrenda horiek eskatzera elkargo edo korporazio profesional bakoitzera.
Testuinguru horretan, jakinarazpen hau bidaltzen dizugu zure elkargo edo elkarte profesionalean 2026ean judizio zibiletan aditu gisa jarduteko prest dauden elkargokideen berri izateko.
Horretarako, inprimaki bat prestatu dugu, aditu interesdun bakoitzak bete beharko duena, urtero osatzen dugun espezialitateen zerrendaren arabera.
Espezialitateen inguruan egin litezkeen iradokizunak hurrengo urterako hartuko dira kontuan.
INPRIMAKIA: https://forms.office.com/e/hXjDiayQXf
Mesedez, bidali esteka hori zure erakundeko bazkideei/elkargokideei, azaroaren 21a baino lehen bete dezaten. Egun horretan itxita geratuko da zerrenda.
Ez da onartuko dagokion elkargo profesionaleko edo elkarteko kide ez diren profesionalen eskabiderik, espezialitaterako elkargo edo elkarterik ez duten profesionalen kasuan izan ezik. Kasu horretan, curriculuma erantsi beharko da, eta inguruabar hori berariaz jakinarazi zerrendetan sartzeko. Hori dela eta, arren eskatzen dizuegu inprimakia irizpide hori kontuan hartuta bidaltzeko elkargokide/bazkideei.
Inprimakiak bidaltzeko epea amaitu ondoren, Zuzendaritza honek elkargo edo elkarte bakoitzari bidaliko dio bere erakundeari dagokion zerrenda, inskribatutako pertsonen gaineko kontrola egin dezan eta baldintzak betetzen dituztela berma dezan. Halaber, harremanetarako datuak behar bezala beteta daudela egiaztatu beharko da. Zerrendetan ez dira onartuko harremanetarako datuak behar bezala beteta ez dituzten pertsonak (posta-helbidea, posta elektronikoa eta telefonoa). Elkargoak/Elkarteak Zuzendaritza honetara bidali beharko du araztutako eta berrikusitako zerrenda, 2025eko abenduaren 15a baino lehen.
Argitu behar da Administrazio Autonomikoak doako justiziaren onuradunek eskatutako aditu-txostenen kasuetan soilik ordaintzen dituela adituaren ordainsariak (salbu eta ordainketa beste alderdiari ezarri bazaio kostuetan eta alderdi hori doako justiziaren onuraduna ez bada). Horregatik, kasu horietan izan ezik, profesionalak prozeduran esku hartzea eskatu duten partikularrek berek ordainduko dituzte aditu-txostenen ordainsariak.
Zure kudeaketa aldez aurretik eskertuz, har ezazu agur bero bat.